Leintz Gatza

 

Gatza

Mende askotan, ur gaziaren iturriaren inguruko jarduera izan zen Leintz Gatzagako bizigarria, herriaren sorrera sustatu baitzuen eta izena ere eman baitzion.

Herri honetako klima hotz eta hezearen ondorioz, gatzaren ustiapena ez zen eguzkiaren bidezko lurrinketa-sistema erabiliz egin eta horixe da gatzaren ustiapenean lan egiten duten beste herri askotatik bereizten duena. Beste prozesu bat erabiltzen zuten eta egurrez elikatutako suaren bidez ura berotuz bereizten zuten gatza.

 “Urre zuria” deitu izan dena estimu handiko ondasun ekonomikoa izan da, gizakien nahiz animalien elikadurarako funtsezko ezaugarriak baititu eta elikagaiak kontserbatzeko ere oso egokia baita. Gaur egun zuzeneko nahiz zeharkako 14.000 aplikazio ditu.

 Museoak gatzaren ustiapenaren bilakaera biltzen du, Burdin Arotik hasi eta 1972 arte, itsasoko gatzaren lehiakor tasun handiaren ondorioz gatzaga itxi zen arte hain zuzen ere.

Ur gazia putzutik ateratzen zen, egurrezko kubeta ferratuak erabiliz. Ildo edo erreten batzuen bitartez, ur hori 8 dorletako batera bidaltzen zen, eta bertan metalezko galdararen ondoko ontzi batean biltzen zen. Jarraian, ura galdarara pasatzen zen eta bertan lau orduz egoten zen irakiten, galdara azpian kokatzen egur bidezko suari esker. Su hori egunez eta gauez edukitzen zuten piztuta, igande eta jaiegunetan ezik’2′.

Ura lurrundu ondoren, gatza galdararen hondo edo ipurdian geratzen zen. Gatz hori su gainean zintzilikatzen ziren saskietan zamatzen zen, horrela behar bezala xukatzen amaitu eta kalitate hobeko produktua eskuratzeko.

Horrela eskuratutako gatza lorketari edo mandozaleek erosten zuten. Jarraian, gatza astoetan zamatu eta emakumeek saltzen zuten, edota gurdietan zamatu eta gizonek saltzen zuten gatzagaren eragin-eremuan.

Gipuzkoan, gatz-eskaria oso handia zen, Ternura bakailaoa harrapatzera joaten ziren ontziek gatz asko behar baitzuten. Horren ondorioz, gatz-inportazioak nabarmenak ziren.

Ekoizpena egurraren ugaritasunaren araberakoa zen. Izan ere, klima oso hezea zenez, gatza ezin izaten zen eguzkitan lehortu, eta gehienetan suaren bitartez gatzatu behar izaten zen.

1543ko ordenantzek (lehen aipatutakoak), uraren eta egurraren erabilera arautzen zuten, biak oso baliabide urriak baitziren. Horrela, baliabideak hobeto aprobetxatu nahi ziren, eta horretarako honakoa xedatu zen: lan egin behar zuenak “egurra ekaitza edo bestelako egoera baten ondorioz prest ez bazuen, txanda lan egin zezakeen batek har zezala”.

1548an, pertsona batzuk dorlak bereganatzen saiatzen ari zirenez, honakoa hitzartu zen: “gatza egiten den dorlak herri honetako gauzarik baliotsuenetakoak dira”, eta “orain arte, dorlak bertan lan egiten zuten jende askoren artean banatzen ziren”. Horren ondorioz ordenantza batek xedatu zuen dorla bat baino gehiago zegoen herri-basoetan ezin zela egurrik jaso, eta ondorioz “gehiegizko partaidetza” saldu behar zuten, horrela XX. mende hasiera arte dorlak jende askoren artean banatuta mantenduz.

Teknologia

Gatzkinak

Leintz-Gatzagako gatzagetan emakumeek egiten zuten lan batez ere. Horren testigantza ematen dute hainbat garaietako dokumentuek. Emakumeei zegokien, besteak beste egurra bildu eta garraiatzea, dorlak zaintzea eta gatza jasotzea. Lan horiek guztiak nahiko zailak ziren eta gainera lan-baldintzak nahiko txarrak ziren, lan gehiena gatzez inguratuta egin behar izaten baitzuten.

1548an 6.000 anega gatz (anega 1=55 litro) eskuratu ziren, eta horretarako 5.500 eta 6.000 egur-karga bitartean behar izan ziren. Lan-sistema eta antolamendua ia ez zen aldatu 250 urtetan. Izan ere, 1802ko dokumentu batean aipatu berri ditugun prozedura berberak aipatzen ziren, eta bertan aipatzen zen urteko 8.512 anega gatz eskuratzen zela eta “dorla bakoitzak urteko 24 aste erdi lan egiten zituela”.”(4′. 1887an, ekoizpena urteko 1.880 tonakoa izatera iritsi zen.

Denbora igaro hala, putzuko uraren maila jaisten joan zen, eta horren ondorioz zuloa sakontzeko hondeaketak eta bestelako lanak egin behar izan zituzten behin eta berriz, ura jasotzeko aukerak handiagotzeko. XIX. mendean, ondoko ubideak eragindako noria batek putzutik ur gazia ateratzen zuen, eta zortzi ildoetara isurtzen zuen.

(4) Diccionario Geográfico Histórico de España, por la Real Academia de Historia. Salinas de Leniz. Madrid 1.802. Reedición de la Gran Enciclopedia Vasca.

Gaur egungo ekoizpena

Kretaziokoan, naturalki gertatutako gatz pilaketa bat dugu lurrazpian eta iturburuko ura bertatik pasatzean gazituta etortzen zaigu Dorletako gatzgunera.

Gatzura GATZ DOLARETAN, DORLETAN berotzen dugu, su txikian, gure basoetako egurraz egindako suaz, poliki poliki. Urazalean sortzen diren gatz kristalak jasotzen ditugu mimo handiz eta ontziratu zure mahaian txukun aurkezteko.

Historiaz betetako gatza duzu LEINTZ GATZA, su txikian eta mimo haundiz erauzia. Mineraletan aberatsa eta zure jakien zaporea indartuko duena. Dastatu eta sentitu gure gatz kultura mokadu bakoitzean.